Onuradunak

Oinarri hauetan araututako laguntzen onuradunak izan ahalko dira Basauriko udalerrian zabalik dauden dendak edo ostalaritza- zein zerbitzu-establezimenduak, baldin eta herriko EJZren erroldan alta emanda badaude. Udalak egiaztatu beharko du baldintza hori bete egiten dela; eta, horretarako, eskatzaileak baimena eman beharko dio erakundeari, aurkeztutako eskabide-orrian bertan.

Lege-arrazoiak tarteko Basauriko EJZ erroldan izena emanda egon ez, baina Basauriko Udalak emandako jarduera-lizentzia badaukaten denda, ostalaritza-establezimendu eta enpresek ere bat egin ahalko dute ekimenarekin.

Diruz lagun daitezkeen zenbatekoak

Bonu-mota bi egongo dira, bakoitza bere gastu-ahalmenarekin: 

  • 4 euroko bonuak, 6 euroko gastu-ahalmenarekin
  • 10 euroko bonuak, 15 euroko gastu-ahalmenarekin

NAN/IFZ/AIZ bakoitzeko, guztira 60 €-ko balioa duten bonuak erosi ahalko dira, gehienez. Bonu horiek ezingo dira eskudiruagatik trukatu; eta dagokion zenbatekoa ez da itzuliko, inolaz ere.

Beraz, gastua 6 edo 15 €-koa edo handiagoa izan beharko da. Eta, gastu-ahalmen desberdina duten bonuak konbinatuz gero ere, guztiak gehitzearen emaitza den zenbatekoa edo gehiago gastatu beharko da, bonuak erabili ahal izateko.

Establezimenduek ekimenarekin bat egitea

Programarekin bat egin ahalko dute, eta bonuak ordainketa gisa onartu, merkataritzan, ostalaritzan edo zerbitzuetan diharduten eta zabalik dagoen establezimendua daukaten pertsona fisiko edo juridikoek, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:

  • Establezimenduak 10 langile baino gutxiago izatea eta Basauriko udal mugartean egotea.
  • Laguntzak emateko unean herri administrazioekiko zerga-zorrik ez izatea, eta, era berean, egunean egotea Gizarte Segurantzarekiko obligazioetan. Merkataritza Atalak egiaztatuko du, ofizioz, ea Basauriko Udalarekiko zerga-zorrik daukaten ala ez.
  • Bete beharreko formaltasunen kalterik gabe, Basauriko Udalak egoki iritzitako edozein dokumentazio gehigarri eskatu ahalko du, edozein unetan, egiaztatzeko enpresa eskatzaileak ezarritako baldintzak betetzen dituela. Ez dira aintzat hartuko, ez onartuko, aipatutako baldintzak betetzen ez dituzten entitateek aurkeztutako eskabideak.

Establezimenduen betebeharrak

Programara atxikiz gero, establezimenduek honako betebehar hauek berenganatuko dituzte:

  • Basauriko Udalari berariaz jakinaraztea datuetan ematen den edozein aldaketa; bereziki, eskatzailearen helbideari dagozkionak, jardueraren gainekoak eta banku-datuei buruzkoak.
  • Konpromisoa hartzea publizitate-materiala establezimenduan jartzeko, ondo ikusten den toki batean.
  • Konpromisoa hartzea bezeroei erosketaren faktura sinplifikatua edo erosketa-txartela emateko, non agertu beharko den zein modutan ordaindu den (alegia, bonuarekin pagatu dela).
  • Konpromisoa hartzea fakturaren kopia bat gordetzeko, jasotako bonuarekin batera.
  • Udalak interesgarritzat jotzen badu, kanpainaren erdian eta eragindako establezimenduei jakinarazi ondore, bonuen %50 gutxienez erabili gabe dutenei bonoak kenduko dizkiela onartzeko konpromisoa hartu du. Era berean, webgunearen bidez bonu gehiago eskatzeko aukera eskainiko du, berenak agortu eta gehiago erosi nahi duten establezimenduentzat.
  • Bonua erosten dutenei eskudirurik ez itzultzea, erositakoaren eta bonuaren balioaren artean aldea badago.
  • Establezimendu bakoitzak finkatzea bonu bidez eskuratutako ondasunak itzultzeko politika, epeari eta itzulketa egiteko moduari dagokionez.
  • Bonu bat edo birekin eskuratutako produktua itzuliz gero, diruz lagundutako zenbatekoa eskudirutan ez bueltatzea: aukera egongo da itzuli nahi den produktua establezimendu bereko beste produktu batekin ordezteko, edo, bestela, erosleak benetan ordaindutako zenbatekoa itzultzeko. Kasua hori denean, Udalari jakinarazi beharko zaio dagozkion bonuak baliogabetu egin direla, eta establezimenduak jasotako zenbatekoa itzuli beharko dio Udalari.

Kanpainaren indarraldia

BASAURI BONUA bakar-bakarrik erabili ahalko da Basauriko udal mugartean egindako erosketetan.

Kanpaina martxan egongo da 2022ko apirilaren 25etik maiatzaren 22ra arte, data horietan zehar zabalik egoteko baimena duten establezimendu eta jardueretan.

Ostalaritzaren kasuan, osasun-egoera dela-eta ezin badute lan egin aipatutako aldian zehar, bonuak erabili ahal izateko hilabeteko epea izango dute berdin-berdin, baina zenbatzen hasita eskumena duten arduradunek ostalaritza-establezimenduak berriro zabaltzeko dekretua eman, eta jarduera aurrera eraman dezaketen datatik aurrera. 
Establezimenduek eskaerak etxera bidaltzeko edo eramateko zerbitzua eskaintzen badute, joko da zabalik daudela, eta, horien kasuan, BASAURI BONUA erabiltzeko epea izango da orokorra, gainerako jardueretarako aurreikusitakoa.

Ostalaritza ez diren beste jardueren kasuan ere, irizpide bera aplikatuko da: kanpainaren epea hilabete luzatuko zaie, baldin eta, alarma-egoera dela eta, ezin badute beren jarduna aurrera eraman.

Atxikitako establezimenduetan bonuak trukatzeko epeak ezingo du, inolaz ere, hilabete baino gehiago iraun. Epe hori igarota, bonuek jada ez dute balioko ordainketak egiteko.
Beraz, bonuak bakar-bakarrik erabili ahalko dira programara atxikitako establezimenduetan, eta Udalak ezarritako epe barruan.

Laguntzak ordaintzea

Ematen diren laguntzak ez dira itzuli behar izango.

Diruz lagundutako zenbatekoak ordainduko dira programara atxikitako pertsona fisiko edo juridikoaren izenean.